2018.eko urtarrilaren 18a, osteguna

euskara | castellano
 
Berripapera
 
7
2012ko Uda
 
 


Musikaren magoa
Jose Luis Ansorenari Manuel Lekuona saria emateko ekitaldian, ekainaren 21ean, estreinatu zen “Jose Luis Ansorena, musikaren magiak harrapatua” dokumentala, Andra Mari Abesbatzak ekoiztua, ERESBILen laguntzarekin eta Kutxak finantzatua, Kutxa Gizarte Ekintza bitartez. Hamabi minutuko bideo bat da; Ansorenari urtarrilean egindako elkarrizketaren zati hautatu batzuek osatzen dute bizkarrezurra, eta horri gehitu zaizkio Eresbilen eta kaputxinoen Donostiako elizan egindako grabazio zatiak, Eresbilen jasota dauden argazki eta grabazioetako batzuk eta Andra Mari abesbatzaren musika.

Konpainia onean egin zen estreinaldia. Ekitaldiaren hasieran Jose Inazio Ansorenak osabari buruz idatzitako biografiaren zertzelada batzuk eman zituen; haren bizitzako pasadizoak, anekdotaz haratago Jose Luisen izaera eta jokamoldea ulertarazten dituzten giltzak. Ondoren etorri zen dokumentala; hemen Ansorenak bere hitzez azaltzen ditu bizitzako mugarriak. Hamalauren bat urteko gaztetxoa zela kaputxinoetan sartzea erabaki zuenekoa, eta aukera horrek bere aitari,Isidro Ansorenari, ekarri zion nahigabea. Goi mailako ikasketa musikalen zapuztea. Andra Mari Abesbatzaren ibilbidea, askoren arteko talde lana azpimarratuz. Musikaste nola jaio zen 1973an, eta urtebetera Eresbil; artxibo hau osatzeko egindako bilaketa lana Espainian zehar. Aita Donostiaren arrastoan jarri eta hari buruzko monografia idatzi zuenekoa. Eta bukatzeko, Ansorenak “Andra Mari Abesbatza 1966-1991” liburuan idatzi zuen poema hartako galdera errebotatuz, musika: terapia ala pozoi? dilemari erantzuna. Ahaztu gabe, tartean, mendiari –Urbasa ezinbestezkoari- egindako aipamena.

Urtarrilean burututako grabazioaren lagin bat besterik ez da; hamar orduko arduna hamar minutura ekarrita. Gauza da Ansorena kontalari aparta dela; diskurtso ondo egituratua dauka, hizketa dotorea, aberatsa adierazkortasunean, eta aldi berean entzulea konplize bihurtzen duten keinuz zipriztindua. Adierazpide horiek denak nortasun sendo, koherente bat marrazten dute. Musikaren pasioak bizi duen gizonaren erretratoa. Grina hori beste askori –izan kantari edo entzule- kutsatu dien zuzendaria. Eta horri eusteko, urratsez urrats ingurune bat sortu duen ekintzailea. Musikaren magiak harrapatutako gizona, musikaren mago bilakatuta
Elixabete Garmendia

8

7

6

PRENTSA

Argitalpenak

 
   
Gobierno VascoDiputación Foral de GipuzkoaAyuntamiento de ErrenteriaKultura KreaktiboaKutxa FundazioaGipuzkoako abesbatzen federazioa