Martes, 21 de Mayo de 2019

euskara | castellano
 
Críticas
 





Hau bai ezustekoa!
ARKAITZ MENDOZA
EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOA ETA ANDRA MARI ABESBATZA Lekua: Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abuztuak 10.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren ibilbidean egun handia izan da Joseph Haydnen Kreazioa eta zuzendari berria aurkezteko aukeratutakoa. Andres Orozco-Estrada maisu gazte kolonbiarra izugarri aritu zen, txundidura harrigarria eraginez. Beraz, zorionak orkestrako agintariei! Txutxu-mutxu gehiegi eragin dituen aukeraketa prozesuak hautagairik bikainenaren alde egin du. A ze indar eta nahia! Aria eta fuga erraldoiak gehiago disfruta ezin zitekeen kemenarekin landu zituen, gazte musikari on batek entzuleriari adierazteko duen irrika jario ikusgarria azaleratuz.

Izadi eta naturaren sortzea ederresten den Haydnen obrarik biribilenean ustekabe gehiago aurkitu genituen. Horra hor: Andra Mari abesbatza. Hasierako agerpen urduriak salbuespen izan ziren interpretaturiko lan gozagarrian. Fugato atalen sarrerak zehatz, lehor, trinko eta garbi entzun ziren, ahots talde bakoitzaren bateratasuna aipagarria izanik. Bakarlarietan boskotea aurkitu beharrean, hirukote bat taularatu zen. Nabarmen denez, krisialdia esparru guztietan islatzen da... Halere, Johannes Chum tenorrak eta Marta Matheu sopranoak aria eta errezitatu beharreko pasarteak sentiberatasun kilikagarriz ihardetsi zituzten, nahiz eta Matheu kataluniarrak alemaniar ahoskera ez menderatu.

Egitura gordineko musika obra hauetan atal guztien egokitzea ez da askotan osotasunean betetzen. Nahiz eta abesbatza, soprano eta tenorra bikain aritu, James Johnson baritonoak kale egin zuen interpretazioan: ulergaitz, ahots dardarati, eta afinazioa galduta gertuko notarte aldaketetan. Hirugarren ataleko Adan eta Evaren arteko elkarrizketa maitagarrietan Matheuren gozotasuna gailentzeko komeriak izan zituen.

Orkestra atriletan ere txundidura ustekabeak aurki genituen: hari taldea fin-fin, artikulazio eta Orozco-Estradaren tempi azkarrei ondo erantzunez, biola eta bigarren biolinak kasu. Ez zen haize atalaren Kreazioa izan, zoritxarreko gau itsu bat pasa baitzuten atriletan, oboe eta flauta soloak duintasunetik urrun baitziren, obra hasierako Munduaren anabasa eta aria bakoitzeko lehen urratsak txikitasunean mugaturik bailiran.

Oztopoak oztopo, Orozco-Estrada kolonbiarraren ongi etorria zorioneko albistea dugu, datozen urteetan goi mailako interpretazioak entzuteko irrika piztu baitu gure artean.

 
 

QUÉ HACEMOS

 
   
Gobierno VascoDiputación Foral de GipuzkoaAyuntamiento de ErrenteriaKultura KreaktiboaKutxa FundazioaGipuzkoako abesbatzen federazioa